3.5.1. Nafarroako Foru Komunitatea
15/2006 Legeak dakarren oinarrizko alderdietako bat da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-kohesioaren alde lan egiteko beharraren aitorpena. Horretarako, herritarrengandik hurbil egongo zen egitura bat behar zen, sistemarako sarbide unibertsala bermatuko zuena. Helburu horiek lortzeko eta lehen aurkeztutako hiru egitura-maila oinarrizkoak (oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuetako zentroak eta gizarte zerbitzu espezializatuak) abiapuntu hartuta, legeak gizarte zerbitzuetarako lurralde antolaketa berariazkoa ezartzen du, zeina, nolanahi ere, oso oinarrituta baitago lehendik dagoen eskualdeen eta udalen mankomunitateen egitura batean.
Antolaketa berri hori maiatzaren 17ko 33/2010 Foru Dekretuan garatu zen; haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen zonifikazioa ezartzen da. Arau horretatik aurrera, Nafarroak gizarte zerbitzuen esparrurako daukan lurralde-egiturak gizarte zerbitzuen 44 eskualde dauzka (udalen hainbat mankomunitatek osatuak), zeinak gizarte zerbitzuen sei barrutitan biltzen baitira.
Eskema horretan, barrutiek bost eta hamabi oinarrizko eskualde bitarte hartzen dituzte, eta oinarrizko eskualde bakoitzak 22 udalerri dauzka, batez beste. Barrutien populazioaren tamaina askotarikoa da: Ipar-ekialdean 20.193 biztanlekoa da, eta Iruñerriko barrutiak, berriz, 357.957 biztanle dauzka –Foru Komunitateko populazioaren %55–. Gizarte zerbitzuetako oinarrizko eskualdeen batez besteko tamaina 15.000 biztanlekoa da, baina logikoki haien tamaina erreala dauzkan udalerrien kopuruaren eta tamainaren araberakoa da. Hartara, Altsasuko osasun eskualdeak Altsasu, Olazti eta Ziordia udalerriak hartzen ditu; Doneztebekoak hamahiru udalerri hartzen ditu (Bertizarana, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Labaien, Oitz, Saldias, Sunbilla, Urrotz eta Zubieta). Oinarrizko eskualdeetatik bost —guztiak ere Iruñeko eta Iruñeko eskualdeko barrutikoak: Aranguren, Barañain, Burlata, Iruña eta Eguesibar— udalerri bakarrekoak dira, eta udalerriak ez dira inoiz ere oinarrizko eskualde batean baino gehiagotan banatzen.
Antolaketa horretaz gainera, arauak ezartzen du “gizarte zerbitzuetako distrituak” egonen direla, zeinak gizarte zerbitzuetako eskualdeen elkarte bat baitira, eskualdeaz gorako esparruko zerbitzuak partekatzeko sortuak. Gaur egun, bi barrutitarako —Lizarra eta Ipar-mendebaldea— distrituak izendatu dira. Hala eta guztiz ere, lurralde-izendapen hori ez da praktikan gauzatu inongo zerbitzu edo eginkizun partekatutan, eskualde horietako profesionalekin izandako bileretan konprobatu ahal izan dugun bezala. Horrenbestez, lurralde-izendapen hutsa dira.
Aipa daiteke, bestalde, ezen lurralde-antolaketa horretaz aparte, Nafarroak tresna bat falta duela —Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen maparen gisakoa—, gutxieneko zuzkidura edo estaldurak ezarriko dituena, lurralde osoaren edo haren lurralde-unitateen mailan, Zorroak bermatzen dituen zerbitzuetarako.
3.5.2. Katalunia
Arestian aipatu den bezala, lehenengo arreta mailako prestazioaren —oinarrizko gizarte zerbitzuak— eskumena udalena da, eta horiek zerbitzu horiek sortu eta kudeatzeko betebeharra daukate, gizarte zerbitzuen zorroaren eta kasuko plan estrategikoaren arabera. Eskualdeetako kontseiluek hogei mila biztanletik beherako udalak ordezten dituzte oinarrizko gizarte zerbitzuetako eskumen berekien titularitatean, udal horiek zerbitzuak zuzenean edo modu mankomunatuan beren gain hartzeko modurik ez dutenean.
Gizarte arretarako lehenengo banaketa administratiboa eta unitatea gizarte zerbitzuetako oinarrizko eskualdea da (ABSS, hemendik aurrera), zeina 20.000 biztanleko gutxieneko populazio baten inguruan antolatzen baita. Horren titularra udala edo komarka izan daiteke.
23. taula
Katalunia. Gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeen lurralde-antolaketa
Udalak |
ABSSaren titularra |
Lurralde-deszentralizazioa |
|
+20.000 biztanle |
Udalerria |
Gizarte zerbitzuetako zentroak, zerbitzuak eta arretarako oinarrizko lantaldeak |
|
-20.000 biztanle |
Komarka edo udalak elkartzeko erakundea |
Eskumen- |
Arretarako oinarrizko lantaldeak |
Eskumen- |
Udalerria |
20.000 biztanletik gorako udalerrietan, ABSS bat baino gehiago sor daiteke, populazioaren eta beharrizan sozialen arabera. Errealitatea da, ordea, inongo udalerrik ez duela eskualde bat baino gehiago. Hurbiltasuneko zerbitzua emateko eta gizarte zerbitzuen sistemarako sarbidea errazteko, udal batzuek zentroak, zerbitzuak edo lurraldean deszentralizatuta dauden oinarrizko laguntzako lantaldeak sortzearen alde egin dute. Haiek sortzeko irizpideak ez dira homogeneoak izan, eta errealitate geografiko desberdinei (auzoak, distrituak, tokiko entitate deszentralizatuak eta abar) erantzun diete, edo/eta lehentasun politikoei. Ezarpen prozesua dela-eta ez da behar adinako ebaluazioa egin, efizientzia-terminoetan; are gutxiago beharrizanen banaketari eta prebalentziari dagokienez.
20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak batera biltzen dituzten komarken kasuan, egoera konplexuagoa da, eta denboran zehar zenbait kudeaketa-eredu garatu dira. Laburbilduz, oinarrizko eremua antolatzeko hiru modu desberdin aurki ditzakegu, aurreko taulan deskribatutako elementuen konbinaketa zein den:
a)Komarkako Kontseilua da titularra, eta zerbitzuak kudeatu eta langileak kontratatzen ditu. Komarkako udalerriak artatzen dituzten arretarako oinarrizko lantalde bat edo gehiago dauzka. Hurrengo atalean deskribatzen da zerbitzua halakoetan nola finantzatzen den.
b)Komarkako Kontseiluak udalen esku uzten du zerbitzuen kudeaketa eta langileen kontratazioa, eta honako eginkizun hauek gordetzen ditu berarentzat: plangintza eta finantzaketaren eta kudeaketaren gaineko kontrola.
c)Udalek mankomunitate bat edo elkarte gisako tokiko entitate boluntario bat sortzen dute, zeina gizarte zerbitzuen kudeaketaz arduratzen baita. Egiazki, gutxiengo baten aukera da, baina bidea ematen du, batzuetan, bi egoera mota jakinetan balio erantsi handia emateko:
•Udalek zerbitzuak mankomunatuta edukitzeko tradizio handia izan eta jada egitura juridiko eta teknikoa daukatenean. Horixe da Mancomunitat de la Plana izenekoaren kasua, non Bartzelonako Probintziako Osonako Komarkako hamabi udal biltzen baitira.
•Komarka berean bi ABSS daudenean (komarka esparrukoa eta komarkako hiriburukoa), masa kritikoa handitu behar dutenak beren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko. Hartutako konponbidea kasuren batean izan da gizarte zerbitzuen eskumenak bere gain hartzen dituen administrazio titularren arteko partzuergo bat sortzea. Adibiderik onena Gironako Probintziako Consorci d’Acció Social de La Garrotxaizenekoa da, Oloteko Udalak eta Komarkako Kontseiluak osatua.
Kataluniako 2014ko gizarte zerbitzuen maparen arabera, Sistemaren egiturak 62 oinarrizko udal eskualde eta 41 oinarrizko komarka-eskualde dauzka.
24. taula
Katalunia. Gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdeen kopurua eta populazioa
Gizarte zerbitzuen oinarrizko eremuak |
Biztanleak |
Gizarte |
|
Udalerrikoak |
62 |
5.243.220 |
84.568 |
Eskualdekoak |
41 |
2.275.683 |
55.504 |
Guztira |
103 |
7.518.903 |
72.999 |
ABSS baten batez besteko dimentsioa 73.000 biztanle ingurukoa da, baina aipatu beharra dago Badia del Vallèseko 13.553 biztanleko gutxienekotik (gutxienez ere 20.000 biztanle egoteko arauaren salbuespena dena) Bartzelonako 1.602.386 biztanleko gehienekora bitarte tamaina askotako kasuak daudela. Komarketako ABSSen kasuan ere, askotarikoak daude: Alta Ribagorçako komarkak 3.873 biztanle dauzka; Vallès Orientalekoak, berriz, 291.974 biztanle ditu.
Oinarrizko osasun laguntzako gizarte zerbitzuak emateko administrazioen arteko lankidetza-formulei dagokienez, argitasunak emate aldera, Bartzelonako Gizarte Zerbitzuen Partzuergoaren kausa aipa daiteke.
Bartzelonako Udal Gutunak Gizarte Zerbitzuen Partzuergoa sortzen du, Bartzelonako Udalak eta Kataluniako Generalitateak osatua. Bartzelonako esparruko gizarte zerbitzuen kudeaketaz arduratu behar du; honako hauetaz, bereziki:
-plangintza orokorra lantzea;
-generalitateko Gobernuari proposatzea Bartzelonako udalerrian gizarte zerbitzuak ematen dituzten entitate, zerbitzu eta establezimendu publiko nahiz pribatuen araupetzea;
-zerbitzu espezializatuak programatu, eman eta kudeatzea;
-herritarrentzako informazioa antolatu eta gizarte zerbitzuen antolaketa- eta plangintza-eginkizunetarako laguntza informatiboa, ebaluaziokoa eta estatistikoa ematea.
Gizarte Zerbitzuen Partzuergoko gobernu organoetan, Kataluniako Generalitateak ordezkarietatik edo botoetatik bosten hiru dauka, eta Bartzelonako Udalak bosten bi.
Partzuergoa ekimen aitzindaria da saiheste aldera Administrazioak lurralde berean maila desberdinetako jarduketak izan ditzala lankidetzaren eta baterako erabakien ikuspuntutik. Helburua izan da bikoiztasunak saihestea, artatutako pertsonen beharrizanak artatzea eta haien ibilbideak erraztea, bereziki oinarrizko osasun laguntzatik laguntza espezializaturakoak. Ebaluazio formalik ez dagoen arren, nabarmendu beharra dago Partzuergoaren ezarpena ez dela guztiz garatu, eta bereziki oinarrizko gizarte zerbitzuak ez direla bertan integratu. Momentuz, haien gizarte zerbitzuetako 40 zentroak erakunde autonomo baten pean daude, ez Partzuergoaren pean, eta horrek dakar Bartzelonako hirian administrazio eskudunen bikoiztasuna gertatzea, eta harremanen eta transakzio-kostuen arloetako arazoak ere agertzen dira.
Esperientzia horren balorazio gisa, Kataluniako ikuspegitik, aipa daiteke partzuergoak aukera bat izan daitezkeela gizarte zerbitzuen mailen araberako egungo banaketaren eragin negatiboak gainditzeko, bai eta haien gobernantza eta koordinazio arazoak gainditzeko ere. Haien alde ona da ez dutela lege-aldaketarik behar administrazioetako bakoitzaren eskumen-esparruari dagokionez, baina kudeaketaren arloko konplexutasun elementuak biltzen dituzte; esate baterako, erabaki eraginkorrak hartzeko egiturak eduki behar izatea eta organigrama exekutibo gainjarriak garatzeko arriskua.
3.5.3. Galizia
Aipatu den bezala, autonomia erkidegoari dagokio Galiziako gizarte zerbitzuen plangintza orokorra. Hala eta guztiz ere, abenduaren 3ko 13/2008 Legeak nola edo halako tarte bat uzten die udalei beren plangintza egiteko, betiere beren lurralde-esparruan autonomia erkidegoak onetsitako plangintza estrategikoa osatzera orientatua, udaletako gizarte zerbitzuen plan eta programen bitartez. Horri dagokionez, autonomia erkidegoaren araudiak gizarte zerbitzuen plangintzarako erreferentziako lurralde-unitate gisa gizarte eremua ezartzen du, eta hori definitzen du adierazle sozial, ekonomiko eta demografikoei erreparatuta, baliabideen banaketa orekatua errazteko eta herritar guztiei gizarte zerbitzuetarako sarbidean aukera berdintasuna bermatzeko, edozein tokitan bizi direla ere.
Nahiz eta legeak aurreikusten duen gizarte zerbitzuen Galiziako mapa onestea, non gizarte eremuak definituko baitira eta Galiziako lurraldean zentroetarako eta zerbitzuetarako zuzkidurak ezarriko diren, mapa hori oraindik ere ez da egin. Hala eta guztiz ere, martxoaren 16ko 99/2012 Dekretuak, gizarte zerbitzu komunitarioak eta haien finantzaketa arautzen dituenak, norabide horretan aurrerapenen bat egin du, gizarte eremuak definitu baititu, nahiz eta definizio horrek soilik balio duen gizarte zerbitzu komunitarioen zuzkidura definitzearen eraginetarako eta behin-behineko balio batekin, Galiziako gizarte zerbitzuen sistemaren plangintzarako tresnak onesten ez diren bitartean: Galiziako Gizarte Zerbitzuetako Mapa eta Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa, azken hori ere onetsi gabe baitago.
Gizarte zerbitzu komunitarioen plangintzarako erreferentziako gizarte eremuek udalak hartzen dituzte zerbitzuak emateko oinarrizko unitate gisa, eta haiek sailkatzen eta multzotan biltzen dituzte populazio-irizpideen eta irizpide sozial eta geografikoen araberako barrutitan. Era berean gizarte zerbitzuen lurralde-antolaketa bat dator ia guztiz udalen antolaketarekin, zeren eta multzoen edo mankomunitateen kasuetan izan ezik —eta horiek minoritario eta boluntarioak dira— udal bakoitzak gizarte zerbitzuak beren udalerrian ematen ditu, eta ez du erreferentzia komunik edo antzekotasunik hezkuntza sistemaren edo osasun sistemaren lurralde-antolaketarekin. Guztira, dekretuan 61 eremu ezartzen dira, sei kategoria edo mailatan bilduta.
Gizarte eremuen tipologia definitzen da tamainaren, dentsitatearen eta biztanleen dispertsioaren araberako irizpideetan oinarrituta, bai eta mendetasun, zahartze eta desgaitasun adierazleen araberako irizpideetan oinarrituta ere (martxoaren 16ko 99/2012 Dekretuko I. eranskina), eta honako sailkapena ezartzen da:
-Hiri-eremuak: zazpi, guztira. Halakotzat hartzen dira honako udalak: A Coruña, Santiago de Compostela, Ferrol, Lugo, Ourense, Pontevedra eta Vigo (Galiziako zazpi hiriak).
-Metropoli-eremuak: hiri-eremu jakin batzuetatik hurbil daude, eta haiekiko lurralde-jarraitutasuna dute; edo haien eragin ekonomiko, demografiko eta sozialaren mende daude zuzenean. Gisa horretako lau eremu ezartzen dira.
-Eremu sasi-hirikoak: metropoli-eremuen antzekoak dira, baina ez dago jarraitutasun fisiko edo lurraldekorik hiri-eremuekin, edo ez daude hiri-eremuen eragin-esparruan. Guztira 9 daude.
-Landa-eremuak: landa-ingurunean ezarritako populazio-guneen berezko ezaugarriak dituzten lurralde-esparruei erreferentzia eginez mugatzen dira. Guztira 35 daude.
-Dispertsio handiko landa eremuak: sei eremu dira, eta beheranzko joera demografiko nabarmena dute, bai eta biztanle-dispertsio handia eta zahartze-adierazle handiak ere.
Oinarrizko osasun laguntzako gizarte zerbitzuak emateko administrazioen arteko lankidetza-formulei dagokienez, Galiziako Gizarte Zerbitzuen Agentzia aipatu beharra dago, bai eta Galiziako Berdintasunaren eta Ongizatearen Partzuergoa ere. Izan ere, Galizian zerbitzuak koordinatzeko edo batera emateko erreferentziako egitura administratiboa Galiziako Berdintasun eta Ongizate Zerbitzuen Partzuergoa da, Galiziako Xuntak eta Galiziako 314 udaletatik 272 udalek eta lau mankomunitatek osatua. Partzuergoan sartzea borondatezkoa da hura osatzen duten administrazio guztientzat.
Erakunde hau funtsezkoa izan da 2006an sortu zen momentutik lurralde-oreka hobetzeko gizarte zerbitzu publikoen eskaintzari dagokionez, bereziki berariazko gizarte zerbitzu komunitarioetan, eta bidea eman du behar adinako estaldura-maila duten kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, eta errazago egin du haur eskoletara eta haurrei arreta emateko guneetara iristea, bai eta honako hauetara ere: adineko pertsonentzako eta mendetasuna duten pertsonentzako arreta-guneak (eguneko zentroak, etxebizitza komunitarioak, egoitza-izaerako etxeak eta egoitza txikiak), gizarteratzerako komarkako lantaldeak, gazteentzako informazio eta aholku guneak edo hurbiltasuneko beste zerbitzu batzuk, etxez etxeko jatorduena kasu. Hori guztia oinarritzen da administrazioen arteko lankidetza-formula batean, borondatez atxikitzekoa, zeinaren bidez udalek beren ekipamenduak lagatzen baitituzte, partzuergo horrek kudea ditzan, konpromisoa hartuz finantzaketaren %30 jartzeko; partzuergoak, bitartean, gainerako %70a jasotzen du, administrazio autonomikotik jasotzen dituen finantzaketa-transferentzien kargura eta erabiltzaileengandik hartutako baterako ordainketaren heldu diren diru-sarreren kargura.
Gaur egun, abenduaren 3ko 13/2008 Legearen aldaketaren indarrez, zeina sektore publiko autonomikoaren arrazionalizatzeari buruzko abenduaren 26ko 14/2013 Legearen bitartez gauzatuko baita, bai eta Galiziako Gizarte Zerbitzuen Agentzia sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen martxoaren 20ko 40/2014 Dekretuaren bitartez ere, Galiziako Berdintasun eta Ongizate Zerbitzuen Partzuergoa Galiziako Gizarte Zerbitzuen Agentziak xurgatzeko prozesuan dago; horrekin, jarraitutasuna eman nahi zaio udalekin lankidetzan jarduteko formula horri, gizarte zerbitzuen prestazioa errazteko.
3.5.4. Gaztela eta Leon
Lehen aipatu den bezala, gizarte zerbitzuen oinarrizko mailari dagokionez, Gaztela eta Leongo gizarte zerbitzuetako sistema bi mailatan antolatuta dago lurraldean: gizarte zerbitzuetako eskualdeak (aurrerantzean, ZAS) eta gizarte zerbitzuetako eremuak (ASS). ZAS deitutakoa erreferentziako unitatea da beharrizanak detektatzeko eta gizarte-baliabide eta -zerbitzuak esleitu eta planifikatzeko. Hiri-ingurunerako 20.000 biztanleko modulua ezartzen da, eta landa-ingurunerako, berriz, 10.000koa. Arlo horiek ZAS deitutakoen multzoak dira, eta tokiko entitate bakoitzari dagokio haiek mugatzea. Arlo bakoitzak gutxienez hiru eta gehienez bost ZAS bildu beharko ditu. Lurralde-antolaketa Gaztela eta Leongo gizarte zerbitzuetako maparen bitartez gauzatuko da. Mapa hori garatzeko dago une honetan.
2011n, erkidegoa 189 gizarte ekintzako eskualdetan banatuta zegoan —119 landa eremuetakoak eta 70 hirikoak—, zeinetan guztira 197 gizarte ekintzako zentro (CEAS) baitzeuden, 124 landa eremuetakoak eta 73 hirikoak.
25. taula
CEAS deitutakoen antolaketa Gaztela eta Leonen, probintzien arabera
Probintzia |
Tokiko entitatea |
CEAS kopurua |
Avila |
Udala-Hiriburua |
4 |
Diputazioa |
8 |
|
Burgos |
Udala-Hiriburua |
9 |
Diputazioa |
18 |
|
Aranda de Duero |
2 |
|
Miranda de Ebro |
2 |
|
Leon |
Udala-Hiriburua |
7 |
Diputazioa |
7 |
|
Ponferrada |
3 |
|
San Andres de Rabanedo |
2 |
|
Palentzia |
Udala-Hiriburua |
4 |
Diputazioa-Mankomunitateak |
11 |
|
Salamanca |
Udala-Hiriburua |
8 |
Diputazioa |
14 |
|
Segovia |
Udala-Hiriburua |
3 |
Diputazioa |
10 |
|
Soria |
Udala-Hiriburua |
2 |
Diputazioa |
10 |
|
Valladolid |
Udala-Hiriburua |
19 |
Diputazioa |
13 |
|
Laguna de Duero |
1 |
|
Medina del Campo |
1 |
|
Zamora |
Udala-Hiriburua |
4 |
Diputazioa |
10 |
Iturria: Geuk egina, Gaztela eta Leongo Batzarrak emandako datuekin: www.serviciossociales.jcyl.es.
Antolaketa funtzionalari dagokionez, jada aipatu den bezala, sistemak bi maila dauzka: lehenengoa oinarrizko gizarte ekintzako lantaldeei dagokie, zeinek CEASetan egiten baitute lan (lurralde-esparruaren ikuspuntutik ZASekin bat datoz), eta bigarren maila bat, diziplina anitzeko berariazko lantaldeek osatua (gizarte ekintzako eremu bakoitzean ezarritakoak). Bi lantalde horien titularitatea eta kudeaketa gizarte zerbitzuen arloan eskudunak diren tokiko entitateei egokituko zaizkie.
3.5.5.Gaztela-Mantxa
Sistemaren lurralde-antolaketaren ikuspuntutik, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak ezartzen du udalerria dela oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuak emateko oinarrizko lurralde-unitatea, eta zerbitzu horiek batera emateko moduak baimentzen ditu biztanle kopuru txikia dela-eta zerbitzu horiek udal bakarrak ematerik ez duen kasuetan (askotan gertatzen da hori). Erregioko exekutiboari dagokio lurralde-antolaketa hori ezartzea gizarte zerbitzuen maparen bitartez. Hala eta guztiz ere, mapa hori gaur arte egin ez denez, aplikatzen jarraitzen da abenduaren 28ko 287/2004 Dekretua, Gaztela-Mantxako gizarte zerbitzuen eskualde eta eremuen lurralde-egitura eta Gaztela-Mantxako gizarte zerbitzuen sistema publikoaren egitura funtzionala arautzen dituena.
Hala eta guztiz ere, erkidegoaren lurralde-ezaugarriak eta ezaugarri demografikoak direla eta, oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuak emateko oinarrizko lurralde-unitatea udalerria bada ere, gizarte zerbitzuen ematea, lurraldearen zatirik handienean, udalerrien borondatezko multzoen bitartez antolatzen da (mankomunitateak badaudenean) eta horiek guztiak (handienak izan ezik) autonomia erkidegoak ezarritako gizarte zerbitzuen eskualde eta eremuetan integratzen dira. Hartara, lurralde osoa gizarte zerbitzuen eremuetan banatuta dago, eta haietan gizarte zerbitzuen bi eskualde edo gehiago sartzen dira. 20.000 biztanletik gorako udalerrietan —non kudeaketa berekirako gaitasuna dagoen (hogei inguru dira autonomia erkidego osoan, jada aipatu den bezala)— baizik ez da gertatzen udala izatea gizarte zerbitzuak emateaz arduratzen den tokiko entitatea.
Lehen aipatu den bezala, bi motatako gizarte zerbitzuak daude: PRAS eskualdeak (gizarte ekintzako erregio plana), 5.000 biztanletik beherako udalek osatuak, eta plan itunduko eskualdeak, zeinak, batetik, biztanle gehiagoko udalak baitira eta, bestetik, kudeaketa-gaitasun handiagoko udalak baitauzkate. Plan itunduko eskualdeetan, Udalak baliabide gehiago jartzen ditu PRAS eskualdeetan baino; horrek berarekin dakar profesional gehiago edukitzea eta esku-hartze teknikorako gaitasun handiagoa edukitzea. PRAS deitutako eskualdeak 5.000 biztanletik beherako udal guztiak dira, bai eta 20.000 biztanletik beherako udalen zati handi bat ere. Plan itunduko eskualdeak 20.000 biztanletik gorako udalei dagozkie, bai eta populazio txikiagoa duten beste batzuei ere.
Azaldutako sistemak modu desberdin samarrean dihardu Albaceten, non gizarte zerbitzuen partzuergo probintzial bat bai baitago, diputazio probintzialak eta 93 udalek osatua, eta, funtsean, EELZ deitutakoa eta prestazio osagarri batzuk (etxez etxeko jatorduak, laguntza teknikoa, lagun egitea eta laguntza pertsonala eta abar) ematera bideratua. Eredu hori dela eta, probintzia hori da EELZ delakoaren kudeaketan kalitate handiena lortzen duena, eta zerbitzu hori bertan kontrolatuago dago udal bakoitzaren menpekoa den probintzietan baino.